“Itsasoratu”

Arrantzaren sektorea gaztetzeko proiektua da. Helburua da gazteei praktikak egiten uztea OPEGIren ontzietan, eta esperimenta dezatela zer den itsasoan lan egitea.

Arrantza gaztetzea

Munduko arrantza industriako ekoizleen %80 baino gehiago 60 urtetik gorakoak dira. Lanbidea zahartzen ari da, eta urtero arrantza ontzi ugarik uzten diote itsasoko lanari.

Gaur egun, oso gazte gutxik aukeratzen dute arrantzaren sektorea. Sektorearen errentagarritasun gabeziaren eta gazteen interes eskasaren eraginez, artisau arrantzaren etorkizunak ez du ziurtaturik lekukoa hartuko duen belaunaldirik. Sektorean gazteak ez egoteko arrazoiak arrantzak oro har duen krisitik haratago doaz. Lanbide honek eskakizun handiak ditu lanbidean hasi nahi duenarentzat; nola segurtasunari dagokionez, hala prestakuntzari dagokionez. Arazoa da ontzi batean itsaso zabalera joan aurretik, ezinbestekoa dela trebakuntza jasotzea. Eta trebakuntza hori ez da doakoa.

Gainera, arrantza jakintza dagoeneko ezin da belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu, garai batean egiten zen bezala. Arrantzaleen seme-alabek ezin dute gurasoekin ontzian joan, lanbidea ikasteko; izan ere, zerrendan ageri diren pertsonak baino ezingo dira ontzira igo, merkataritza ontziko tripulatzaile gisa. Lanbidea, baina, tituluetatik haratago, praktikarekin ikasten da. Teorian oinarritutako titulu batekin zaila da lanbideak biltzen duen guztia ulertzea; hala nola, arrantzaguneak, itsas hondoak edo itsaso bakoitzean bizi diren espezieak. Oro har, ikasleak lanbidea ikastera joaten dira eskoletara, eta prestatuta atera ohi dira. Baina gehienek lehorrean lortzen dute lana, eta ez dute itsasoratzeko asmorik izaten.

Arrantza lanbidearen belaunaldi erreleboaren arazo honi irtenbide bat bilatu nahian, Eusko Jaurlaritzak erabaki du laguntza beken programa bat finantzatzea eta gazteei laguntzea arrantzaren sektorean praktikak egiten. Horrenbestez, lanbidea gaztetu ahal izango da, eta etorkizunean iraungo duela ziurtatu.

ITSASORATU programa

Eusko Jaurlaritzaren ITSASORATU beken programak praktikak egiteko aukera ematen die arrantzaren sektorean lan egin nahi duten gazteei. Pasaiako Itsas Arrantza Eskolaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik sortu da proiektu hau, eta aurten, 2019an, 18 gaztek Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako arrantza ontzietako prestakuntza egonaldietan parte hartzeko aukera izan dute. Helburua izan da gazteen enplegua eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea arrantzaren sektorean.

Gazte horiek bertatik bertara ezagutuko dute itsasoan lan egiteak zer esan nahi duen. Aldi berean, 15 euskal armadorek beren itsasontzietan onartutako esperientzia hori baliatu ahal izango dute, programaren barruan arrantzaren industrian praktikak egiteko.

Programa honek praktikan jartzen du 2015-2020 aldirako Arrantza eta Akuikulturako Plan Estrategikoa. Plan horretan, sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea oinarrizko helburuak dira. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila arrantzaren sektoreko langileen gaikuntza sustatzeko politika egokia gauzatzen ari da. Testuinguru horretan, eta arrantzaren sektorearen behar sozioekonomikoak betetzeko, garrantzitsua da itsasoan lan egiten duten pertsonen prestakuntza praktikoa sustatzea. Baita merkatuaren, Europako eskariaren eta arrantzaren sektoreko eskakizunen araberako prestakuntza eskuratzeko interesa duten pertsona guztiena ere.

Programako laguntzen deialdia urtero egiten, eta, 2016an abian jarri zenetik, 83 gaztek eta 70 armadorek parte hartu dute eta batera lan egin dute, 500.000 euro inguruko dirulaguntza jasoz. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik baino ez datoz ikasketa esperientziak finantzatzeko laguntza ekonomiko horiek. 83 gazte horiek itsas eta arrantzaren sektorean sartzeko aukera izan dute, egoitzari, joan-etorriei, mantenuari, materialari eta arrantza praktikak egiteari lotutako beharrezko gastu guztiak estaltzen dituen beken dirulaguntza programa honi esker.

Hauek dira esperientzian diruz lagundu daitezkeen gastuak:

  1. Arrantza enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzeko gastuak. Zenbateko finkoa da ikasle bakoitzeko eta ontziratze aldi bakoitzeko: 800 euro.
  2. Ikasleak Gizarte Segurantzan alta ematearen ondoriozko gastuak, arrantza enpresak bermatu behar dituenak, egonaldi osoan zehar ikasle bakoitzak estalita izan ditzan kontingentzia arruntak eta lan istripuak. Kostua hilean 51,05 eurokoa da.
  3. Prestakuntza egonaldia egiten duen arrantza ontziko ikasle bakoitzaren tutoretzatik eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, baita mantenutik eta aldi horretan itsasontzian egin ditzaketen zereginak kontrolatzetik eta gainbegiratzetik eratorritakoak ere. Zenbatekoa 2.600 eurokoa da, kontuan hartu gabe prestakuntza egonaldi baten edo biren tutoretza lana egiten duten.
  4. Ekipoen eta laneko arroparen gastuak. Gastu horiek guztiak finantzatzeko laguntzaren zenbatekoa 100 eurokoa da, prestakuntza egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.

Beka eskaintza jaso ahal izateko ikasleek bete behar dituzten baldintzak hauek dira: erdi eta goi mailako heziketa zikloetako lehen maila egiten ari izatea eta Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza ikastegian, Bermeoko Nautikako eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan ematen diren irakasgai guztiak gaindituta izatea.

Egoitza portua Euskadin duten arrantza ontzietan egiten dira praktikak, eta ontziratze aldiak 20 eta 30 egun arteko iraupena izan dezake gutxi gorabehera, hots, marea baten parekoa. Laguntzaren onuraduna den arrantza enpresa bakoitzak ikasle bakarra izan dezake prestakuntza egonaldi bakar batean, 2019ko bigarren seihilekoan. Enpresek jarraipena egin behar dute, eta praktiketako ikaslearen tutoretza lana gauzatu behar dute, praktikak baloratzeko azken txosten eta guzti.

ITSASORATU programak bere helburuetan lan egin du, arrantzaren sektorearen errealitatera hurbiltzea bilatuz, prestakuntza zikloetako ikasleek beren lanbide heziketa osatzeko behar duten ontziratzea erraztuz, arrantzaren sektorean gazteen enplegua sustatuz, ontzidiko langileen gaztetzea bultzatuz eta, azkenik, belaunaldien arteko erreleboa bermatzen lagunduz, non eta hainbesteko historia duen lanbide batean: arrantza.