MSC jasangarritasun ziurtagiria
OPEGI, itsas espezieen iraunkortasunarekin eta oparotasunarekin konprometituta; arrantza iraunkorrarekin lotuta nazioartean onarpenik handiena duen ziurtagiria dauka
Gipuzkoako Itsasertzeko Arrantza Ekoizleen Erakundeak (OPEGI) MSC ziurtagiria du, hegaluze eta antxoaren arrantza tokien kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria. Marine Stewardship Council-ek (MSC) emandako ziurtagiria da, horixe baita nazioartean sinesgarritasunik handiena duen arrantza jarduera jasangarriaren bermea.
Zer da?
Ziurtagiri honek finkatzen du ea arrantza jarduera jakin bat ondo kudeatzen ari diren eta jasangarria den, bertan islatzen baitira zientziaren eta arrantza jardueraren kudeaketa arloan nazioartean onartutako ezagutza aitzindarienak. Era berean, aldian behin, arrantzaren industriako eta elkarte kontserbazionistetako hainbat ordezkari eta zientzialariren lankidetzarekin, berrikusi eta eguneratu egiten da MSC estandarra. Arrantza jardueren ebaluazio hori akreditazioa duten egiaztatzaile independenteek egiten dute, Adostasuna Ebaluatzeko Erakunde edo Egiaztatze Erakunde izenekoek.
Arrantza erakunde batek Arrantza Jarduera Estandarraren arabera lortzen duenean ziurtagiria, MSC zigilu urdina erakutsiz gero, bere harrapaketa ziurtatuak saltzeko aukera izango du. Egiaztapen prozesu hori borondatezkoa da, eta erauzketa arrantzan aritzen diren arrantza jarduera guztiek –itsas espezieenak edo ur gezetakoak– lor dezakete; horrek arrain eta itsaskien espezie gehienak hartzen ditu barne
Zer baloratzen da?
Ziurtagiria emateko, hiru balio erabakigarri hartzen dira aintzat:
- Populazio iraunkorrak: Espezieen jarraitutasuna arriskuan jartzen ez den mailan arrantzatu behar da beti. Era horretan, itsas espezieen populazioek emankorrak eta oparoak izaten jarraituko dute etorkizunean ere.
- Ingurumen inpaktua minimizatzea: Arrantza jarduera arreta handiz kudeatu behar da, inguruko espezieak eta habitatak osasuntsu egon daitezen ekosistemaren baitan.
- Arrantza jardueren kudeaketa zuzena: Arrantza tokiek dagozkien araudiak bete behar dituzte, eta ingurumen inguruabarren edozein aldaketatara egokitzeko gaitasuna izan behar dute.
Ziurtagiria lortu ondoren, MSC arduratzen da estandarrak aldian behin berrikusteaz eta kontrolatzeaz, indarrean jarrai dezaten. Gainera, urtero, kontsulta publikoko prozesuak egiten dira, edonork eskura dezan estandarrei buruzko informazio gehiago
Praxi txarra
Gaur egun, itsaso zabalean zuzenean izoztu eta prozesatu daitezkeen arrainen kopuru izugarria harrapatzen jarraitzen da. Teknologiaren aurrerabideei esker, arrain bankuak aurkitu dira antzina ikusi ezin ziren lekuetan. Gaur egun, literalki, arrainek ez dute ihesbiderik.
Arrantza pirata edo INDNR (legez kanpokoa, aitortu gabea, arautu gabea) arrantza baliabideak deuseztatzen ari da. Arrantza stocken hiru laurden erabat ustiatuta, gehiegi ustiatuta edo besterik gabe agortuta daude. Itsas produktuen eskaera sozialak, ordea, etengabeko hazkundean jarraitzen du. Sonia Sanchez ikertzaileak baieztatu duenez, gehiegizko arrantza ustiapena da itsas ingurunearen arazo nagusietako bat.
Arrantzaleek harrapatutako itsas espezieek, oro har, ugaltzeko gaitasun handia dute. Baina ez mugagabea. Arrantzaren kontrolik ezak espezieak desagertzea ekar dezake, edo arrantzak berak ekonomikoki bideragarria izateari utz diezaioke. Arrantzaren kudeaketa egokia egitea onuragarria izan liteke hauetarako: populazioen ugalketa eta horien epe luzeko errendimendu handia babestea, industria errentagarri baten oinarriak finkatzea, arrantza aukerak modu ekitatiboan banatzea eta itsas baliabideak kontserbatzea.
Ikusitakoak ikusita, arrantza jardueraren jasangarritasunaz arduratzen diren erakundeek neurriak hartu behar dituzte eta gomendio zientifikoei erantzun behar diete, arrantza kudeaketa hobetzeko eta sektorea etorkizunean jarduera jasangarri baterantz bideratzeko.
Horregatik, OPEGIrentzat oso garrantzitsua da bere arrantza jardueraren iraunkortasuna eta konpromisoa. Miren Garmendia zuzendariak adierazi du jasangarritasuna beti egon dela erakundearen DNAn. OPEGIko arrantza enpresak familia enpresak dira, eta seme-alabei ondare bat uzteko kezka handia izan dute beti; horretarako, funtsezko zutabea da arrantza aparailuen hautakortasunaren bidez lortzen den jasangarritasuna. Alabaina, barne gogoeta sakon baten ondoren, ohartu ziren ez zirela ari balioan jartzen ahalegin hori guztia, eta merkatuan ikusgaitasuna falta zitzaiela. Nazioartean sinesgarritasun handiena duen MSC jasangarritasun ziurtagiriaren berri izan zuten, eta horregatik egin zuten ziurtagiri horren aldeko apustua. Gaur egun, ahalegin handia egiten ari dira hegaluzearekin. Hala, arrantza hori arautzen duen ICCAT nazioarteko erakundean onartutako ustiapen arau bat proposatu dute.
Miren Garmendiak adierazi duenez:
“beren arrantza jasangarria dela ziurtatzera bultzatzen dituen arrazoia da MSC bezalako erakunde independente eta sinesgarritasun handikoak euren praktiken eta arrantza tokien jasangarritasuna balioesteko beharra dutela”.
Laura Rodriguez Espainiako eta Portugalgo MSCko arduradunak esan duenez, “euskal ontzidiak MSC ziurtagiria lortzeko eta bere arrantza jarduera jasangarritzat jo dezaten hartu duen konpromisoa Eusko Jaurlaritzarekin eta AZTIrekin batera egindako urte askotako ahaleginean islatu da. Lan kolektibo horri esker, arrantza jardueren nazioarteko kudeaketan hobekuntzak bultzatu ahal izan dira, eta horiek Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren eta Europako Batzordearen laguntza izan dute, eta, azkenerako, ICCAT Arrantzarako Eskualdeko Erakundeak onar dezan lortu dute. Ziurtagiri horrek, era berean, ahalegin koordinatuen batura aintzatesten du. Ahalegin horiek aurrera jarraitzea espero dugu, eta nazioarteko tunidoen beste arrantza jarduera batzuen eredu eta erreferentzia izatea"
Itsasotik etxera
Kontsumitzaileak geroz eta gauza gehiago eskatzen die elikadura merkatuei. Ez soilik kalitateari, freskotasunari, zaporeari eta bestelakoei dagokienez. Horretaz gainera, kontsumitzen dituzten elikagaiak ingurumenerako berez arriskutsuak ez direla eta jasangarriak direla bermatzeko ere eskatzen dute. MSC ziurtagiriak kontsumitzaileek eskatutako berme hori eskaintzen du, eta hala, OPEGIko espezieak erosi eta kontsumitzea erabakitzen badute, produktu erabat iraunkorra, naturala, balio nutrizional handikoa eta kalitate gorenekoa aukeratzen ari dira.
Hegaluzearen eta antxoaren populazioa egoera osasuntsuan dagoela erakusten du ziurtagiriak; era berean adierazten du arrantza jarduerak ekosisteman gutxieneko eragina duela, eta arrantza ondo administratuta dagoela, kudeaketa prebentiboko sistema inplementatu batekin.
Beraz, elikagai horiek legezko jarduera baten ondoriozkoak direla ziur egon gaitezke etxean. Erosketak egitean, ziurtagiri horren pean arrantzatutako arrainek MSC ekoetiketa urdina dutela ikusiko dugu. Hala, itsas elikagaiak erostean, ingurumena zaintzeko erabakia har daiteke modu erraz eta bizkorrean.
Hau ez da hemen amaitzen
Erakundearen ustez, garrantzitsua da jarduera jasangarrietan inbertitzea eta hala izaten jarraitzen dutela ziurtatzea, ezagutza zientifikoan eta zientzialarien eskura jarritako sektorearen informazio onenean oinarrituta. Horregatik, arrantzaren sektorearen eta zientziaren arteko lankidetza bultzatzen duten proiektuen aldeko apustua egitea funtsezkoa da jarduera ekonomikoak epe luzean iraun dezan. Nazioartean hain garrantzitsua den ziurtagiria lortu arren, OPEGIren lana ez da hemen amaitzen. MSCren beraren jarraipena egiteko, arrantzaren kudeaketa garatzeko eta hobetzeko pausoak ematen jarraitu behar da. Horretarako, datozen urteetan garatu beharreko ekintzak pentsatzen ari dira.
Arrantza jarduera jasangarriak aintzat hartzen du ekosistema, espezie eta habitat sentikorrak babesten laguntzen du, espezie guztien populazioak maila osasuntsuan mantentzen ditu, arrantza metodo selektiboak erabiltzen ditu, biodibertsitatea mantentzen du, energiaren eta produktu kimikoen erabilera eta eragiketa guztietan hondakinak sortzea ahalik eta gehien murrizten du, indarrean dagoen legeria eta araudia betetzen du eta arrain guztien jatorriaren berri ematen du harrapaketa puntutik merkatura arte.