
“Osasuntsu eta jasangarrian elikatu, elikatu Euskadiko arrantza” lehiaketa-erronka
Kofradia-Itsas Etxeak eta Cristina Enea Fundazioak, oraingoan Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, “OSASUNTSU ETA JASANGARRI ELIKATU, ELIKATU EUSKADIKO ARRANTZA” lehiaketa-erronka aurkeztu dute. Ekimen berri honen helburua Euskadiko artisau-arrantzaren belaunaldi-erreleboaren lanari eta haren jasangarritasunari jarraipena ematea da, eta hori modu proaktiboan egitea ikastetxeen bidez, baxurako espezieetan oinarritutako ikerketa didaktikoa eta sukaldaritza-sormena gazteenekin batera bideratuz.
Lehiaketa-erronkan parte hartzeko, interesa duten ikastetxeek baxurako arrantza-espezie hauen ezaugarriei, ohiturei, egoera ekologikoari, harrapaketa-teknikei eta sukaldaritza-aprobetxamenduari buruzko ikerketa garatu beharko dute: berdela, Kantauriko antxoa, hegaluzea, legatza eta itsas aingira. Era berean, errezeta-liburu sortzailearen proposamen bat ere aurkeztu beharko da, espezie horietako bakoitzarekin plater bat prestatzeko errezeta bat, gutxienez, jasoko duena. Proiektuek testuak, irudiak, argazkiak eta bideo edo audioetarako estekak izango dituzte.
Zein da lehiaketaren saria?
Proiektu eta errezeta-liburu onenak aurkezten dituzten hiru eskola-taldeek “Arrantzara goaz” jardueran parte hartzeko saria jasoko dute. Jarduera horretan, talde irabazleek arte xeheen itsasontzi bat zuzenean ikusi ahal izango dute arrantzan, bidaiari-ontzi batean. Esperientzian zehar, baxurako beste ontzi baten arrantza-lanen lekuko izango dira ikasleak: arrantza-aparailuak jasoko dituzte, teknika bakoitzari buruzko azalpenak emango dituzte, harrapatutako espezieak identifikatuko dituzte, haien ohiturei eta bizi diren ekosistemei buruzko ezaugarriak azalduko dituzte...
Esperientzian zehar, lehen pertsonan jasoko ditu azalpenak taldeak, ontziko patroiaren eskutik. Gehienez 60 lagunentzako tokia duen jarduera egiteko, erakunde sustatzaileek data bat adostuko dute talde irabazleen arduradunekin, eta horretarako, kontuan hartuko dira ikasturtearen unea, arrantza-denboraldia eta eguraldia.
Era berean, parte hartzen duten talde guztiek ingurumenari buruzko argitalpen didaktiko bat jasoko dute.
Nola har dezaket parte?
Hezkuntza-mailak: Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak
Proiektuak aurkezteko epea: maiatzaren 30era arte, egun hori barne
Proiektuaren garapena: gela osoa
Dokumentuaren gehieneko pisua: 5 MB.
Proiektuak bidaltzeko helbidea: izanarrantzale@kofradia.eus
Hemen oinarriak eskura ditzakezu
Lehiaketa-erronkari buruzko informazioa
Proiektuari ekin ahal izateko, erakunde antolatzaileek “Irakasleentzako baliabideen gida” bat diseinatu dute, informazio orokorra, jarduera-proposamenak eta errezetak egiteko ereduak biltzen dituena.
Hemen “Irakasleentzako baliabideen gida” eskura dezakezu
Kontutan hartu behar duzun legeria
Deialdi honetan parte hartzen duten ikasleen irakasleek ziurtatu behar dute lanetan ager daitezkeen ikasleen ahots- eta/edo irudi-eskubideak lagatzeko agiriak badituela, deialdi honen arabera beharrezkoa den luzerarekin, legezko ordezkariek behar bezala sinatuta.
Hemen ahots-eskubideak (eta/edo irudia) lagatzeko eredua eskura dezakezu
Deialdi honetan parte hartzeak esan nahi du lan irabazleetan parte hartzen duten irakasle eta ikasleek 50 urteko epean, lurralde, material eta geografia mugarik gabe eta hirugarrenei lagatzeko aukerarekin (lagapenaren xede diren ondare eskubide guztiak edo batzuk), erreprodukziorako eskubide guztiak, paperezko euskarrian eta euskarri elektronikoan argitaratzea, finkatzea, konpilazioa, komunikazio publikoa, eraldaketa, banaketa edozein bitarteko edo formatutan (Internet eta sare sozialak barne) eta, oro har, egindako lanen ustiapena.
Hemen jabetza intelektualeko eskubideak lagatzeko eredua eskura dezakezu.