Redcycle. Mundua eraldatzeko eraberritzen diren sareak

Abandonatutako 12 tona arrantza sare 9 tona jantzi birziklatu eta birziklagarri ─ingurumena errespetatzen dutenak─ bihurtuko dira

Mehatxuak itsasoarentzat

Egunetik egunera ugariagoak dira gure planeta inbaditzen duten arriskuak. Zikindu egiten dugu, kalteak eragin… eta ez gara ondorioez jabetzen. Ura da elementu natural delikatuenetako bat, eta azken urteetan gehien degradatu dena. Kutsadura hidrikoa handituz joan da, eta horren eraginez, izaki bizidunen bizi baldintzak arriskuan daude. Guztioi dagokigun zerbait da hori.

Itsasoaren faktore kutsatzaileetako bat abandonatuta dauden milaka arrantza sareak dira, itsas hondakin bihur litezkeenak. Sare horiek itsas hondoetan gera daitezke, eta normalean han amaitzen dute; hala, mehatxu bihurtzen dira, izaki bizidunak harrapatzen baitituzte hilabete luzeetan. Horixe da, hain zuzen, mundu osoko itsas espezieen ustekabeko heriotza tasa handiaren arrazoia.Guztioi dagokigun arazoa da hori, eta guztiok parte hartu behar dugu. Tartean, arrantzaleek, itsasoa baitute bizi baliabide. Hala, itsasoaren eta ekosistema garbi eta iraunkor baten menpe daude.

Kalkuluen arabera, 640.000 tona sare inguru daude itsas hondoetan (Europako Ingurumen Agentziaren datuak), eta horiek, kutsatzeaz gain, hiltzeko arriskua dakarte animalientzat. Halaber, ezin konta ahala sare tona erabili gabe eta abandonatuta daude arrantzaleen kofradietan, eta nahiz eta ez diren itsasora isuri, erraz amai lezakete han, itsaspeko populazioarentzat mehatxu bihurtuz. Bertan behera utzitako sare horiek ehunka metroko luzera duten materialak dira, eta itsasaldiek eta denborale atmosferikoek arrastaka eramaten dituzte; horrela, itsas hondoetan bizi diren organismo biziekin korapilatzen dira, eta, azkenerako, espezie horiek erauzi egiten dituzte. Denborarekin, arrantza sareak fabrikatzeko erabiltzen diren material plastikoak degradatu egiten dira, eta itsas ekosistemekin nahasten dira, eta hori arriskutsua da planetako espezie askoren kontserbaziorako eta biziraupenerako.

Kontuan hartuta ura azalera osoaren %75 dela eta bizitza garatzeko ezinbesteko elementuetako bat dela, begi bistakoa da arrantza material horiek itsas hondoan eta bertako espezieetan eragin ditzaketen inpaktuak minimizatzeko beharra dagoela.

Guztioi dagokigun arazoa da hori, eta guztiok parte hartu behar dugu. Tartean, arrantzaleek, itsasoa baitute bizi baliabide. Hala, itsasoaren eta ekosistema garbi eta iraunkor baten menpe daude.

 

Itsaso gutxi daude. Horiek zaintzeko moduak, berriz, asko.

Pentsamendu horretatik abiatuta Redcycle sortu da: itsasoa garbitzea eta itsas ingurune zaindu eta bizigarri bat lortzea helburu duen lankidetza proiektua. Ideia hori Gipuzkoako Itsasbazterreko Arrantza Ekoizleen Erakundeak (OPEGI) eta Ternua markak Eusko Jaurlaritzaren babesarekin aurrera eramandako ekimen baten ondorioz sortu zen. 2015ean, proiektu batean elkarlanean aritzea erabaki zuten, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen helburuei erantzuteko asmoz. Erabiltzen ez diren sareak biltzeko eta birziklatzeko proiektua da, eta Bermeoko, Getariako eta Hondarribiko euskal kofradiek egin dute. Helburua da sare horiei beste erabilera bat ematea, eta jantzi jasangarri bihurtzea, hots, etorkizun hobea lortzeko konpromisoarekin bat datozen jantzi bihurtzea. Beraz, proiektu bateratu batek elkartu ditu euskal kostaldeko hiru herri, helburu bakarrarekin: sareak eraldatu, itsasoak eraldatzeko.

Ternua marka 1994an sortu zen, eta harrezkero onartu du bere jarduerak ingurumenean eragiten duen inpaktu negatiboa ahalik eta gehien murrizteko konpromisoa. Beraz, beti eman ditu pausoak norabide horretan. 2016an, zehazki, Ternuak, OPEGIrekin batera, 12 tona sare abandonatu bildu, eta horiekin bi galtza mota egin zituen, 2018ko udaberri-udako bilduma osatzeko. Sare horiek Italiako Aquafil enpresara bidali ohi dira, aitzindaria baita erabiltzen ez diren sareak, beste hondakin material batzuekin batera, Nylon bihurtzeko aukera ematen duen birziklatze prozesuan. Handik, Esloveniara garraiatzen dira, non hondakinak biltegiratu, prestatu, xehatu eta garbitu egiten diren. Birsortzeko lantegi honetan, hondakinak lehengai aprobetxagarriak dira berriro, eta Nylon bihurtzeko modukoak. Gero, oihal ekoizleei bidaltzen zaie.

Oihal hori arrantza sareetako hari birziklatua beste materia batekin nahastuz eraikitzen da, hura sortu ahal izateko. Bartzelonako IBQ enpresan garatzen dituzte ehunak, eta ondoren Arrasateko Ternuara bidaltzen dituzte, jantzi horiek diseinatzen eta fabrikatzen hasteko. Oihal berri bat izango da, jantzi birziklatu, birziklagarri eta ingurumena errespetatzen duena bihurtzen dena.

Bildutako 12 sare tonarekin, Ternuak 9 tona poliamida birziklatu aprobetxagarri sortzen ditu. Sare horiek erabilita, 18 tona petrolio kontsumitu eta 40 tona CO2 isuri beharra saihesten da. Zehazki, Nofir-ek adierazten du 39.413 kg CO2 (3,6 kg CO2/kg), 18.612 kg petrolio (1,7 kg oil/kg) eta 6.680 kg hondakin ez-aprobetxagarri aurreztea lortzen dutela. Era horretan, murriztu egiten dira karbono aztarna, baliabide ez-berriztagarriak, eta zabortegietara, erraustegietara edo itsasora doazen produktuen hondakinak.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak esan bezala:

“itsasoan arrantzaleen arrantza baliabideen ugaritasuna garrantzitsua bada ere, ezinbestekoa da egunez egun itsaso garbi eta osasuntsua izateko lan egitea, herritar guztien gozamenerako”.

Garai batean, arrantzaleek etxeko baratzean erabiltzen zituzten sobera geratzen zitzaizkien sareak. Gaur egun, erakundeak, arrantzaleak, kofradiak eta Ternua enpresa biltzen dituen mugimendu bati esker, sare horiek baliagarritasuna berreskuratu dute. Oso proiektu garrantzitsua da, garbi utzi duena sorburuko helbururako erabilgarritasuna galdu duten elementuak aprobetxatzea posible dela.

OPEGIko ordezkariak, Xabier Zalduak, mezu argia azaldu du: “Honelakoa behar du izan etorkizuneko belaunaldiei egingo diegun ekarpenak: sareak itsasoan ez botatzea eta itsas hondakinak biltzen laguntzea”.

Proiektu honen helburua da gizartea kontzientziatzea, eta, batez ere, etorkizuneko belaunaldiak kontzientziatzea, guztion artean itsaso hobea lortze aldera. Guztiok begirada berri eta bakar baten inguruan bat eginda: munduari kontzientzia harraraztea, eta planeta babes dezan sentiberatzea.

Gutxiago kutsatzea eta zikintzea, eta ahalik eta gehien birziklatzea.